ENEBADA 2008-10-23 GTM 1 @ 09:53
enebada —ZENBAT BIDER ESAN BEHAR DUGU "ENEBADA" GURE EUSKAL HERRI HONETAN?
Aspaldidanik uste izan dut harridura eta jakinminaren eza zahartzaroaren ezaugarriak direla; urteak aurrera doazen heinean, gure harritzeko ahalmena gero eta txikiago izango zela.
BA, EZ. EZ DA EGIA. Nire kasuan behintzat, (eta egia esan, bene-benetan ezagutu dezakedan kasu bakarra), ez da horrela. Urte asko bete ditut, baina hala ta guztiz ere, harritzeko ahalmena beti bezela mantentzen dut. Zergaitik? Hausnarketa sakona egin eta gero, erantzuna hurrengo arrazoi hauen artean egon daitekela susmatzen dut:
- Adina dela eta, tontatuta nago, eta nerabe baten moduan ikusten ditut gauzak, berri-berriak izango balira moduan.
- Alderantziz, uste nuen baino gazteagoa naiz; nire gurasoek sekretu ilun bat estaltzeko, gezur borobila kontatu zidaten nire adina eta bizitzari buruz.
- Euskal Herrian bizi naiz, 21.mendean. Beraz, nire mundu honetan, nire agintariak hurrengoak dira: Zapatero, Aznar, Rajoy, Sarkozy, Alliot Marie... zapaltzen gaituzten estatuetan. Gure herrian, aurrekoen menpe, borondatezko esklabu moduan txanpon batzuen truke, hurrengo hauek: Ibarretxe, Arzalluz, Josu Jon, Azkuna, Madrazo (familia), Oreja, Iturgaitz, Patxi López...
Hau harrigarria izanda be, ez da dana. Inperioko agintariak, mundu osoan agintzen denak, 4. mailako politiko hauen ondoan ... lerdoagoak dira! Gezurra dela? Hona hemen adibide batzuk: George Bush, McCain, Obama, Palin... Beraz, mundu HARRIGARRI batean bizi naz, harriduraren zilborestean hain zuzen ere, eta harridura nire izaeraren ezaugarri bat bihurtu da.
Edozein arrazoi izanda ere, blog honetan igandero idatziko dut astean zehar harritu nauten gertaerak. Eta ezer ez kontatzeko daukadan astean, jakingo dut, zalantzarik gabe, definitiboki zahar bihurtu naizela... edo, agian, hilda nagoela.

Zabaldu
del.icio.us